Gasteizko Udaleko Adinekoentzako Zentro Soziokulturalak


Entitate bultzatzaileak: Gasteizko Udaleko Adinekoentzako Zentro Soziokulturalak

Arloa: Parte-hartzea eta gizarte sarea, Gizarte eta osasun zerbitzuak

Helburua biztanleria: Herritarrak oro har, Adinekoak

Parte hartzen duten adinekoak
Adinekoentzako zentro soziokulturaletako erabiltzaileak / Hiriko adinekoak / Populazioa oro har


Lurralde eremua: Herria

Deskribapena:

Eredu hau 2009. urtean sortu zen, zentroak adineko pertsonen profil berrietara egokitzeko premia aztertu ondoren.

Adinekoentzako zentro soziokulturaletan, adineko pertsonek bertako jarduera eta zerbitzu kopuru handi bat kudeatzen dute, eta, horri esker, kudeaketa partekatua ahalbidetzen da. “Hileroko jarduera-programa” izeneko esku-hartze puntualeko animazio soziokulturaleko programaren plangintza, antolaketa eta gauzatzea egiten dute. Gasteizko adinekoentzako 15 zentroetan era askotako 150 jarduera baino gehiago eskaintzen dituzte adinekoentzat.


Partaidetza kolektiboko organoen bidez garatzen da partaidetza hori: Bilkura Orokorraren, Jardueren Batzordearen eta Adinekoen Kontseiluaren bidez. Bilkura Orokorra urtean behin egiten da, eta Zentroko erabiltzaileek, amaitzen den Adinekoen Kontseiluak, hasiko den Adinekoen Kontseiluak eta adinekoentzako zentro eta zerbitzuetako teknikari zein profesionalek osatzen dute.

Jardueren Batzordeak 8 jarduera-esparruren inguruan antolatzen dira (osasun-batzordea, ikus-entzunezkoen batzordea, irakurketa_batzordea, batzorde eszenikoa, gizarte-batzordea, txangoen batzordea eta aisialdi-batzordea), eta, haiei esker, adineko pertsonek beren interesen arabera antolatzen dituzte jarduerak, eta adinekoentzako zentro soziokulturalen dinamikan modu aktiboan parte har dezakete.

Adinekoen Kontseiluak aukera ematen du zentroetako jardueren programazio koordinatu eta adosteko, eta jarduera-batzorde guztien ordezkaritza dago bertan.

Adinekoentzako zentro soziokulturaletan, adinekoek eurek modu aktiboan parte hartzen dute haien funtzionamenduan.

Pertsona horiek beren aurrekontu propioa dute eta hura kudeatzen dute programatutako jarduerak antolatzeko.

Horrez gain, zentroetako langileen laguntza jasotzen dute, bai ekintza soziokulturaletako erdi-mailako teknikarien eskutik, bai informazioko administrazio-laguntzaileen eskutik.

 

 



Helburua:

Zentroen funtzionamenduan partaidetza eta baterako erantzukizuna bermatzea.

Adinekoen partaidetza aktiboa sustatzea, haiek proiektu komuneko protagonista eta partaide senti daitezen.

Adinekoak ahalduntzea, aukerak eta prestakuntza emanez.

Adineko pertsonek beste pertsonentzako jarduerak antolatzeko aukera ematea.

Gasteizko adinekoen irudi soziala hobetzea, komunitateari gauzak eskaintzen dizkien pertsona gisa.

Adineko pertsona ezberdin eta anitzak izateko ereduak sortzen laguntzea.

Zentroetan jarduera-aniztasun, barietate eta sormen handiagoko jarduerak eskaintzea.



Metodologia:

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saileko Adinekoen Zerbitzuak adinekoentzako zentro soziokulturalen sarearen kudeaketa, antolakuntza eta funtzionamendua berriro zehaztu eta hobetzeko prozesu bat jarri zuen abian 2006. urtean. Beste sail eta hirietako profesionalekin batera egin zen prozesu hori. Hobekuntza-plan horren helburua da adinekoen inplikazio eta partaidetza handiagoa lortzea. Eredu berriaren elementuetako funtzionamendua probatzeko, hain zuzen ere adineko pertsonekin partaidetza-prozesu baten bidez adostutako partaidetza-eredua, adinekoentzako 4 zentro soziokulturaletan jarri zen abian esperientzia pilotu gisa.

Esperientzia pilotu hori 2008. urtean jarri zen abian Koroatze, Abetxuko, Landazuri eta Herrango adinekoentzako zentro soziokulturaletan. Partaidetza-eredu berriaren bideragarritasuna egiaztatu ondoren eta 2009ko abuztuan Adinekoentzako Zentro Soziokulturaletako Araudia argitaratu ondoren, adinekoentzako zentro soziokulturalen funtzionamendu- eta partaidetza-eredu berria abian jarri zen.

Urtean behin deialdia egiten da zentroetako jarduera-batzordeetara hautagai berriak aurkez daitezen. Pertsona bakoitzak bi batzorde ezberdinetan parte hartzeko eskaera aurkez dezake. Izena eman baino lehen, pertsona interesdunentzat txosten bat jartzen da eskuragarri, batzorde bakoitzean jorra daitezkeen gaien berri eduki eta aldez aurretik zertara aurkezten ari diren jakin dezaten. Urteko programa bat egiten dute, eta bertan urte osoan zehar egin nahi diren jarduera guztien plangintza zehazten da. Horretarako zein aurrekontu daukaten jakinda, batzorde bakoitzak ordezkari bat izendatzen du zentroko kontseiluan parte har dezan. Zentro bakoitzean, batzorde guztietako partaideekin harrera-bilera bat egiten da. Bilera horretan batzordeen eta haien funtzioen berri emateaz gain, zentroan zenbat batzorde sortu diren, haietan zenbat pertsona inplikatu diren eta abar azaltzen da. Horrez gain, partaideek elkar ezagutzeko aukera dute, eta, horri esker, haien lana errazten da.

Batzorde bakoitza modu bereizian biltzen da urteko plangintza egiteko. Zein lan egingo diren zehaztu eta lan horiek banatzen dituzte. Uneoro zentroko eta Adineko Pertsonen Zerbitzuko langileen laguntza daukate. Batzordeetan parte hartzen duten pertsonek antolatzen dituzten jarduerei buruzko balioespena egiten dute. Horrez gain, sormenari, lidergoari, komunikazioari (jendaurrean nola hitz egin) eta asertibotasunari (gaitasun sozialak) buruzko ikastaroak eskaintzen zaizkie.

Horrez gain, urtean behin kongresu-jardunaldi bat antolatzen da batzordeetan parte hartzen duten pertsona guztientzat. Jardunaldi horrek helburu hauek ditu: batzorde horiek osatzen dituzten pertsonen lana babestea: batzordeen lanari, haien jarduerei, lan-esparruei eta abarri buruzko eztabaida egitea. Batzordeak komunitatean, auzoan, hirian sortzen duen eragin positiboa bultzatzea. Adinekoentzako hausnarketa- eta entzute-espazioak sortzea, besteak beste. Batzordeetan parte hartzen duten adineko pertsonen eta teknikarien artean antolatzen da jardunaldi hori.

Horrez gain, batzordeen arteko askotariko topaketak egiten dira: zentro guztietako mota bereko batzordeen artean esperientziak partekatzeko, zentro batzuetako mota bereko batzordeen artean, jarduera bateratuak egiteko, zentro bereko batzorde guztien artean, eta abar.



Parte hartzea: Bai
Jardunbide egokien adierazleak
Berritzailea
Eragina
Jasangarritasuna
Erreplikagarritasuna