Piztu Zure Auzoa Programa


Entitate bultzatzaileak: Adinekoentzako Zentro Soziokulturalak

Arloa: Aire zabaleko lekuak eta eraikinak, Parte-hartzea eta gizarte sarea, Errespetua eta barne hartzea, Herritarren parte-hartzea eta enplegua, Komunikazioa eta informazioa, Gizarte eta osasun zerbitzuak

Helburua biztanleria: Adinekoak

Egoera ahulean dauden eta beren etxeetan bizi diren adinekoak.

Aldagai hauetako bat edo gehiago izan ditzakete: adin handia izatea, gizarte-harreman gutxi izatea, bakarrik edo isolatuta egotea, narriadura kognitiboa izatea, baliabide ekonomiko mugatuak izatea, zer baliabide dauden ez jakitea.


Lurralde eremua: Herria

Ambito Localidad: Vitoria-Gasteiz

Deskribapena:

Gasteizko Adinekoentzako Zentro Soziokulturalen ekimen bat da. Hiriko bi auzotan garatu da: Pilar eta Landazuri; baina, gaur egun, Koroatze auzoan ere ari da ezartzen.

Egoera ahulean dauden eta beren etxeetan bizi diren adinekoen beharrei erantzuten saiatzen da, auzoak atseginagoak eta irisgarriagoak egiten dituen metodologia baten bidez. Horrela, adinekoek eguneroko jarduerak egiten, bertako kaleetatik paseatzen, toki esanguratsuetara joaten eta beste pertsona batzuekin harremanak izaten jarraitu ahal izango dute.

Auzoan lan egiten duten eragileen lankidetza-sare bat sortu da; haren bidez, programari buruzko informazioa eman daiteke, eta adinekoak detektatu eta zaindu, eta haiei lagundu.

Adinekoek talde eragileetan parte har dezaten sustatzeko jardueren bidez, interesatzen zaizkien jarduerak diseinatzen dira (gai desberdinei buruzko hitzaldiak, ibilbide seguruak, udako jarduerak…); haien beharrak eta interesak kontuan hartuta, auzoan dauden baliabide, zerbitzu edo jarduerei buruzko informazio pertsonalizatua ematen zaie, eta haietara lagundu.



Palabra: Ahalduntzea, Zahartze aktiboa, Partaidetza, Egoera ahulean dauden adinekoak, Laguntza

 Esteka webgunera

Helburua:

Auzoak adinekoentzat atseginagoak eta irisgarriagoak izan daitezen sustatzea

Adinekoak

  • Egoera ahulean dauden adinekoak identifikatzea eta haiei laguntzea.
  • Adinekoak elkarrekin harremanetan jartzea.
  • Inguruneaz gozatzeko eta laguntza informala emateko guneak sortzea.
  • Auzoko baliabideak hobeto ezagutzea eta eskuratzea.

Komunitatea

  • Adinekoen ezaugarriei eta beharrei buruz informatzea eta haien inguruan sentsibilizatzea.
  • Auzoan lan egiten duten eragileen arteko lankidetza-sarea sortzea.

Metodologia

  • Bertako komunitateetan pertsonekin lan egiteko modu berriak diseinatzea eta garatzea.


Metodologia:

Programaren hasiera: 2016ko azaroa. Erdi-mailako bi teknikari arduratzen dira programaz, eta 25 ordu eskaintzen dizkiote astean. Adinekoen Zerbitzuko Adinekoentzako Zentro Soziokulturalen Unitateko arduradunaren laguntza dute, baita zentroetan zerbitzuak eman eta programak garatzeaz arduratzeko kontratatu den enpresarena ere (Sirimiri).

2016ko azaroa - 2017ko urtarrila

Esku hartzeko metodologia diseinatzea, eta helburuak, hartzaileak (egoera ahulean dauden eta beren etxeetan bizi diren adinekoak) eta programa gauzatzeko aukeratutako auzoak (Pilar eta Landazuri) identifikatzea.

2017ko otsaila:

programa erakunde talde bati aurkeztea (talde zaintzailea), adinekoen errealitate sozialera egokitzeko.

Bi auzoetako adinekoentzako zentro soziokulturalei eta gizarte-eragileei programaren berri ematen eta haien laguntza eskatzen hastea: osasun-zentroak, gizarte-etxeak, oinarrizko gizarte-zerbitzuak, parrokia, auzotarren elkarteak, ingurune horietan lan egiten duten elkarteak...

Adinekoen talde eragileak martxan jartzea. Astean egun batean biltzen ziren, ordu jakin batean, Pilarreko eta Landazuriko adinekoentzako zentro soziokulturaletan. Ez zen izenik eman behar; jarduera irekia zen, eta doakoa.

2017ko urtarriletik azarora

Talde eragileak: jardueren plangintza eta garapena.

Talde eragileak, 85 pertsonaz osatutakoak (55 Pilarrekoak eta 30 Landazurikoak), interesatzen zaizkien jarduerak diseinatzeko eta planifikatzeko biltzen ziren (53 bilera bi auzoen artean):

  • Mannequin challenge bat egin zuten.
  • Osasunari buruzko hitzaldiak, baliabide sozialak eta interesatzen zaizkien gaiak.
  • Programaren logotipoa diseinatu zuten.
  • Udako jarduerak (gaurkotasun-gaiei buruzko solasaldiak, paseoak eta jolas ludikoak eta aisiakoak).
  • Ibilbide seguruak diseinatu zituzten (otsaila-maiatza), auzo bakoitzean esanguratsuak ziren tokiak lotzeko. Identifikatu egin zituzten (azaroa), hiri-altzarietan eranskailu bat jarrita.
  • Institutura eta elkarte, denda eta beste eragile batzuetara joan ziren programari buruzko informazioa banatzeko eta laguntza eskatzeko.

Lankidetza-sarea

Programako profesionalek 179 topaketa egin zituzten auzoetan lan egiten duten zerbitzu publikoekin, erakunde pribatuekin eta bestelako eragileekin. Programa azaldu zitzaien, eta haietatik 27k programarekin bat egin zuten.

Bi guneetako 120 establezimendurekin harremanetan jarri ziren; haietatik 15ek prestakuntza-saioa egin zuten, eta establezimendu lagunkoiaren zigilua jaso. Establezimendu horiek jabetzen dira adinekoen beharrez, eta prest daude haiei laguntzeko, beharrezkoa izanez gero.

Erakunde eta zerbitzu publikoek establezimendu lagunkoiaren zigilua lor dezaketela proposatu zitzaion Euskadi Lagunkoiari. Prestakuntza bideratzeko, 128 adinekok eta zerbitzu publikoek galdera-sorta bati erantzun zioten. Gero, txosten bat prestatu zen, eta Euskadi Lagunkoiara bidali. Prestakuntza horri esker, 2 gizarte-etxek, 3 osasun-zentrok, adinekoentzako 2 zentro soziokulturalek, eguneko arretako zentro batek eta babespeko apartamentuek lortu zuten establezimendu lagunkoiaren zigilua. Horrela, konpromiso sendoa hartu zuten adinekoei eskaintzen dieten arreta hobetzeko.

Uda ondoren, eskaera gehiago bidali zituzten dendek, prestakuntza jasotzeko eta programan laguntzeko.

Informazio eta laguntza pertsonalizatua

Programako profesionalek auzoetan dauden baliabideei buruzko informazioa eman zieten adinekoei. Pertsonekin hitz egin ondoren, arreta pertsonalizatuagoa behar dela hauteman zen 49 kasutan, eta, haien interes eta beharren arabera, baliabide eta jarduera egokienetara lagundu zitzaien: ikastaroak, tailerrak, jantoki-zerbitzua…

Hedapena

Maiatzean, gutun bat bidali zitzaien bakarrik bizi diren 70 urteko eta gehiagoko 1.716 pertsonari, programaren berri emateko eta udako jardueretan parte hartzera gonbidatzeko.

Irailean, programaren informazio-liburuxkak diseinatu ziren.

Urrian, gutun bat bidali zitzaien auzo horietako herritarrei, programaren berri emateko eta ibilbide seguruen inauguraziora gonbidatzeko.

Azaroan, proiektua aurkeztu zen adinekoen parte-hartzea sustatzeko Udalaren Elkargune organoan.

Udako jarduerak

Ekainean eta uztailean egin ziren. 35 pertsonak hartu zuten parte. Aurretik, % 80 ez zen adinekoentzako zentro soziokulturaletara joaten, eta haietatik 9 talde eragileetan sartu ziren.

Prestakuntza

Uztailean, prestakuntza-saio bat egin zen dendarientzat eta zerbitzu publikoentzat (gizarte-etxeak, oinarrizko gizarte-zerbitzuak…). Adinekoen ezaugarriei buruzko informazioa eman zen. Euskadi Lagunkoiak ematen du. Eranskailu bat eman zitzaien partaideei, beren egoitza eta establezimenduetan jar zezaten. Zerbitzu publikoei, gainera, txosten bat eman zitzaien, gomendio espezifikoak eskaintzeko.

Ibilbide segurua

Adinekoek ibilbide segurua diseinatu ondoren, Hirigintzako, Mantentze-lanetako, Udaltzaingoko eta Ekonomia Sustapeneko udal zerbitzuek hari buruzko aholkua eman zuten. Gero, eranskailuak jarri ziren hiri-altzarietan, ibilbideak identifikatzeko.

Urrian inauguratu ziren; 82 pertsonak hartu zuten parte Landazurin, eta 157k, berriz, Pilarren.

Ibilbide seguruetako paseoak

Azaroan hasi ziren ibilbide seguruetako paseoak, astean behin eta ordubetez.

2017ko abendua

Esperientziaren ebaluazioa

Programa martxan jarri zenetik urtebete igaro ondoren, balorazio bat egin zen, bai emaitzena, bai prozesuena.

Aipagarriak dira emaitza onak. Guztira 463 pertsonak hartu zuten parte, eta ekintzek benetako eragina izan dute auzoko bizitzan: lankidetza-sarea, udako jarduerak, ibilbide seguruak…

Talde eragileetan, 85 pertsonak hartu zuten parte; haietatik % 78 emakumezkoak ziren, % 70 bakarrik bizi ziren, eta, batez beste, 81 urte zituzten. Aurretik % 60k ez zuten bestelako jardueretan parte hartzen.

Pertsonek adierazi zuten pozik zeudela programarekin, bakarrik egoteari utzi ahal izan ziotelako eta haien bizi-kalitatea hobetu zelako. Gora egin zuten beste pertsona batzuekiko kontaktu eta harreman sozialen kopuruak eta kalitateak.

2018ko otsaila

Udaleko Gizarte Politiken Batzordean aurkeztu dira ebaluazioaren emaitzak. Emaitzetan oinarrituta, esperientzia beste auzo batera (Koroatzea) zabaltzea proposatu da, bideragarria eta jasangarria delako. Hainbat arrazoirengatik aukeratu da auzo hori: auzotarren % 30 adinekoak dira, beste bi auzoekiko mugakidea da, eta, 2018an, obra eta egokitzapen-lan garrantzitsuak egingo dira etxebizitzetan eta bide publikoan.

Beste bi auzoetan, talde eragileek bilerak egiten jarraitzen dute astero, paseoak egiten ibilbideetan barrena… Nahiz eta oraindik profesionalen laguntza behar duten, gero eta autonomoagoak dira talde horiek.

2018ko otsaila eta martxoa

Programaren berri eman da, irratian, Judimendiko auzogunean…

Proiektua aurkeztu zaio Forum 50-70 elkarteari. Talde eragileko kide den adineko batek bere bizipena eta esperientzia azaldu du.

Landazuriko eta Pilarreko talde eragileek lanean jarraitu dute.

Paseoak egiten jarraitzen dute auzo horietako ibilbide seguruetan barrena. Eguraldiaren ondorioz, jende gutxik hartu du parte paseoetan.

Programaren berri eman da Koroatzeko Adinekoentzako Zentro Soziokulturalean, eta auzo horretako eragileekin lanean hasi dira. Auzoko talde eragilea martxan jarri da.

Nabarmentzekoa da Santa Maria ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleen laguntza. 4 bilera egin dituzte Landazuriko eta Pilarreko talde eragileetako adinekoekin, eta lagunkoitasunaren kontzeptua eta adinekoekiko estereotipo negatiboak aztertu dituzte.

Udaleko oinarrizko gizarte-zerbitzuekiko koordinazioa hobetu da, egoera ahulean dauden adinekoei arreta hobea emateko. Arreta ematen duten pertsonengana bidera dezakete zuzenean, eta haientzat programa onuragarria izan daitekeela esan dute.



Egoera: Ezarpen-fasean

Parte hartzea: Bai

  • Interesatzen zaizkien jarduerak planifikatu eta diseinatzen dituzte.

  • Auzoko eragileei, dendei, auzotarrei eta hedabideei (irratia, prentsa…) programaren berri ematen diete.

  • Beste adineko batzuei ematen diete programaren berri, eta jardueretara laguntzen diete.

  • Talde eragilearen barruan harremanetako eta laguntzako eragile aktiboak dira.

  • Auzoan ibiltzen dira: bisitak egiten dituzte establezimenduetara eta baliabideetara, eta jardueretan parte hartzen dute beste talde batzuekin batera.



Evaluación: Askotariko metodoak: ikuspegi kualitatiboa eta kuantitatiboa erabiltzea.

Metodologia kuantitatiboa, hauek kontabilizatzeko: hautemandako pertsonak, partaideak eta helburuetan oinarrituta sortutako ekintzen emaitzak.


Metodologia kualitatiboa, hauek baloratzeko: topaketak, lankidetza-sarearen eragina eta dinamismoa, eta parte hartzen dutenen sentimenduak eta iritziak. Diseinuari esker, programak partaideen harremanak eta bizi-kalitatea eta bizikidetzarena aldatzen dituen eta epe motz eta luzera haietan eragina duen ikus daiteke.


Prozesuaren jarduera garrantzitsuenak baloratzen dira (diseinua, garapena eta ebaluazioa), eta prozesua errazten eta oztopatzen duten elementuak hauteman.


Metodologia bera ebaluatzen du, berrikuntzaren eta eraginkortasunaren ikuspegitik.



Elementu berritzaileak: Ikuspegi berritzailea: jardunbideak ezaguna zen arazo bati erantzuten dio, eta, horretarako, ikuspegi edo metodologia berritzailea darabil

Berritzailea:

Pertsonekin lan egiten duen metodologia berria da. Harremanean, laguntzan eta partaidetzan oinarritutako sortze-elementuak darabiltza.


Partaideen autonomia eta ahalmena aitortuta, ahalik eta gizarte-kohesio eta banakoen ongizate handiena lortzea da helburua, eta ahalik eta banakoen eta erakundeen inplikazio eta partaidetza handiena.


Pertsonei auzoko baliabideak aurkezten zaizkie, arazo sozial bati erantzun kolektiboa eman ahal izateko.


Hurbiltasun-metodologia aktiboa erabiltzen da; hau da, zailtasunak dituzten pertsonen bila joatea, nonahi daudela. Horri esker, egoera ahulean dauden eta bakarrik bizi diren pertsonengana iristen da, zaila baita haiek detektatzea eta haiei laguntzea.


Programaren helburu diren pertsonek berek planifikatzen, diseinatzen eta ezartzen dituzte ekintzak eta jarduerak. Guztiak programaren diseinatzaile bihurtzen dira, eta oso baliabide garrantzitsua ere, bai programa zabaltzen, bai pertsonak erakartzen eta haien partaidetza bultzatzen, baita jarduerak garatzen ere. Eta guztien gizarte-arazo baten erantzuna ere badira; alegia, adinekoen bakardadearena.



Eragina: Eragin ertaina: jardunbidea amaitu eta gutxira neurtu da eragina (3-6 hilabete).

Eragina:

Lankidetza-sare bat sortu da auzoetan, eta egunero erakunde berriak atxikitzen zaizkio. Bi auzoetako eragileen arteko gizarte-harremanak dinamizatuta, auzoetako adinekoen ongizatea eta elkarbizitza hobetu dira.


Auzoko bertako baliabideak erabiltzen dira; horrela, agerian jarri eta ezagutarazi egiten dira.


Talde eragileak kontuan hartuta, haietan parte hartzen duten pertsonak dira programaren hartzaileak.


Partaidetza oso ona izan da, emaitza hauengatik:



  • Bi auzoetako adinekoengana iristea lortu da (adin handikoak, alarguntsak, bakarrik bizi direnak, auzoko baliabideei buruzko informaziorik ez dutenak, bakardade-arazoak dituztenak, gizarte-harreman gutxi dituztenak...).

  • Talde eragileetan parte hartu duten 85 pertsonetatik, aurretik % 60 ez zen beste jarduera batzuetara joaten. Etxean ematen zuten egunaren zati bat.

  • Urtebeteren ondoren, taldeetan parte hartzen jarraitzen dute, eta haien arteko harremana oso ona dela diote.

  • Hasiera-hasieratik, partaideak programaren protagonista bihurtu dira, bai parte hartzeari dagokionez, bai programa zabaltzeari dagokionez, baita beste adineko batzuk erakarri eta haiei laguntzeari dagokionez ere.

  • Gehienek diote bizitza hobetu diela programak, harreman gehiago dituztelako eta jarduera gehiagotan parte hartzen dutelako. Haien iritziz, baliabide eraginkorra da bakardadeari aurre egiteko.



Jasangarritasuna: Jasangarritasunerako aukera: jardunbidea duela gutxi hasi bada edo oraindik martxan badago, nola jarrai daiteke jardunbidearekin baliabideei dagokienez?

Jasangarritasuna:

Programako jarduera garrantzitsuenak finkatu egin dira programak urtebete baino zertxobait gehiago daraman auzoetan: talde eragilearen bilerak, auzoko eragileen arteko lankidetza-sarea eta ibilbide seguruetako paseoak.


Programa jasangarria da, lankidetza-sare komunitario bati lotuta dagoelako; sare horrek helburu berberak ditu, eta bertako erakunde bakoitza eragile aktiboa da prozesuko funtsezko jardueretan: hedapena, detekzioa, deribazioa, laguntza, harremanak…


Gizarte-harremanak indartu nahi dira, eta adinekoak ahaldundu jarduera planifikatu, antolatu eta kudea ditzaten eta programa zabal dezaten. Laguntza profesionala dute, orientazioa jasotzeko, baina pertsonak gero eta autonomoagoak dira ekintzetan.


Horri esker, programa dinamikoa da, eta partaideen behar eta interesetara egokitzen da.


Beste auzo batera zabaldu da, aurrekoen ondoan dagoena, eta, bertan, profesionalen lana funtsezkoa da aholkularitzaren eta laguntzaren bidez adinekoek jarduerak planifikatu eta kudeatu ahal izateko, beste bi auzoetan bezala.



Erreplikagarritasuna: Lurraldean bertan transferitu da jardunbidea.

2016ko azaroan, programa Gasteizko bi auzotan hasi zen (Pilar eta Landazuri), eta, 2018ko martxotik, Koroatze auzora zabaldu da.



COM_BBPP_FORM_LBL_PRACTICA_RECONOCIMIENTOS:

Ez du sari eta aintzatespen ofizialik jaso.


Emaitzen berri foro profesionaletan eta herri-partaidetzakoetan ematen denean aintzatesten dira programaren emaitza onak.


Deskargatu PDF formatuan
Jardunbide egokien adierazleak
Berritzailea
Eragina
Jasangarritasuna
Erreplikagarritasuna