Farmazia lagunkoia


Entitate bultzatzaileak: Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofiziala

Arloa: Gizarte eta osasun zerbitzuak

Helburua biztanleria:

Deskribapena:

Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialak jarri du martxan Farmazia Lagunkoia ekimena, Donostiako Udaleko Herri Partaidetza Zerbitzuaren laguntzarekin.

Donostia Lagunkoia proiektuaren barruan dago. Proiektu horrek hiriaren lagunkoitasuna hobetu nahi du, adinekoei begira, haien bizi-kalitatea hobetzeko. 

Komunitateko farmazialariek partaidetza-prozesu bat garatu dute Donostian Farmazia Lagunkoiaren kontzeptua sortzeko. Prozesu horretan, modu aktiboan parte hartu dute adinekoek farmaziak osasun- eta gizarte-baliabide izan daitezen eta komunitatearen zerbitzura egon daitezen.

Lan kolektibo horri esker, hainbat ikuspegi bateratu dira, eta, ondorioz, eztabaida eta hausnarketa aberasgarriak sortu dira farmazia-zerbitzua hobetzeko. 

Farmazia Lagunkoia ekimenaren barruan, farmaziek zenbait konpromiso/irizpide bete behar dituzte lagunkoiagoa, komunitarioagoa, sozialagoa eta inplikatuagoa izan dadin, nagusiki adinekoei begira, baina baita biztanle guztiei begira ere. 

 



Helburua:

Helburu orokorra izan da farmazia komunitarioak hiria lagunkoiagoa izaten nola lagun dezakeen sustatzea, osasun- eta gizarte-baliabide gisa dituen ezaugarriak aintzat hartuta.

Helburu orokor hori helburu espezifiko hauetan banatzen da: 

  • Farmazia Lagunkoia definitzea eta bereiztea.
  • Donostiako farmazia komunitario guztiei ekimena ezagutaraztea, baita elkargokide, sektore soziosanitarioko profesional, elkarte eta herritar guztiei ere.
  • Ekimenak izan dezakeen eragina ebaluatzea.

 



Metodologia:

Farmaziak adinekoentzat eta oro har biztanleentzat lagunkoiagoak izateko zer ezaugarri izan behar dituzten definitzerakoan jarraitutako dinamika deskribatuko dugu, eskematikoki.

  • Partaidetza-prozesua:
  • Foku-talde bat sortu zen adin, sexu, jatorri, lanbide, etab. guztietako pertsonekin;
    • - Farmaziaren erabiltzaileak: adinekoak, polimedikatuak, ama gazteak.
      - Udal zerbitzuetako profesionalak eta osasun- eta gizarte-zerbitzuetako eskualdeko profesional publikoak.
      - Farmazialari komunitarioak, Erakunde Farmazeutiko Kolegialeko farmazialariak.
      - Boluntarioen elkarteak, Gurutze Gorria, gaixoen elkarteak.
  • Foku-taldearen tailerrak antolatzea: bilerak hirian bertan egin ziren, erdigunean, sarbide erraza eta argiztapen egokia zuen beheko solairuko areto batean. Biribilean jarri ziren aulkiak, eta, erdian, Lagunkoia alfonbra, ongietorria emanez. Bi pertsonak dinamizatu eta moderatu zituzten bilerak, eta haien aktak egin. Bi tailer egin zituen foku-taldeak, data hauetan: 2015eko apirilaren 29an eta 2015eko maiatzaren 13an. Saio bakoitzak gutxi gorabehera 2 ordu eta 30 minutu iraun zuen.
  • Donostiako farmazia komunitarioen iritzia. Foku-taldearen partaidetza-prozesutik ondorioztatutako ezaugarriak eta irizpideak Donostiako farmazia komunitarioei ezagutarazi zitzaizkien, haien iritzia eta iradokizunak jasotzeko.
  • Hiriko farmazia komunitario guztiei (85) egin zitzaien deialdia, eta auzoka banatu ziren, hiru taldetan.
  • Hiru bilera egin ziren farmaziekin; hain zuzen ere, 2015eko ekainaren 3an, 2015eko ekainaren 4an eta 2015eko ekainaren 5ean, foku-taldeak erabilitako toki eta era berean.

Hiriko farmazia komunitario guztiei (85) egin zitzaien deialdia, eta auzoka banatu ziren, hiru taldetan.



Parte hartzea: Bai

Eragina:

Prozesu horri esker, farmazia komunitarioen eremua konfiguratu eta haien eguneroko lana bereizten duten elementuak aztertu ahal izan dira: nolakoa da nire ohiko farmazia? Zer harreman dut bertan lan egiten duten profesionalekin? Nola bihur daitezke farmaziak adinekoekin lagunkoi? Zer eduki behar du? Etab. Egia da, abiapuntu gisa, jada eremu atsegin gisa eta osasun-baliabide baliotsu gisa ikusten duela gizarteak oro har farmazia komunitarioa, baina proiektu honen bidez hasitako prozesuan agerian geratu da badela zer hobetu lagunkoiagoak izateko. Farmazia komunitarioaren hainbat alderdi aztertu dira (harremanak, eremu fisikoa, farmazia-zerbitzuak, arreta profesionala eta komunikazioa), eta zahartze aktiboan zer eragin duten ikusi, zahartu ahala pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Hori guztia egiteko, goranzko partaidetza-ikuspegia erabili da, eta, ikuspegi horretan, farmazia komunitarioa erabiltzen duten adinekoen partaidetza aktiboa funtsezkoa izan da Farmazia Lagunkoiaren kontzeptua definitzeko. Azterketa horren emaitza gisa, zenbait irizpide/konpromiso ezarri dira, farmazia lagunkoiaren lagunkoitasun-parametro gisa har daitezkeenak:


Farmazia komunitariora joaten diren pertsonekiko harremanari edo tratuari dagokionez:


1. Tratu atsegina, osasunera bideratua. Profesionalak interesa du erabiltzaileak zer osasun-arazo duen jakiteko, eta enpatia erakusten du.


2. Tratu pertsonalizatua, farmaziara doan pertsonarengana zuzendua (heldua, adinekoa, gaztea edo haurra izan), hizkera eta tonu egokia erabilita.


3. Pertsonarenganako konfiantzan eta haren intimitatearekiko errespetuan oinarritutako tratua.


4. Adi egotea: erabiltzailearen beharrak zein diren bereizten jakitea eta behar duten tratua edo laguntza ematea, farmazia dauzkan baliabideen arabera.


5. Langile gaituek ematea arreta, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Erabiltzailea ulertu nahi izateko borondatea eta jarrera, hizkuntza edozein dela ere edo komunikatzeko beste arazo batzuk izanda ere.


Farmaziako eremu fisikoari dagokionez:


1. Irisgarria eta arkitektura-oztoporik ez izatea. Arkitektura-oztopoak kentzerik ez badago, beste bide batzuetatik ematea farmazia-arreta.


2. Konfidentzialtasuna bermatzea: arreta pertsonalizatuko eremu bat izatea.


3. Aulkiak edo eserlekuak izatea, itxaron behar izanez gero.


Zerbitzuen komunikazioari dagokionez:


1. Farmaziak eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutaraztea, euskarri egokiena erabilita.


2. Erabiltzaileei Farmazia Lagunkoi gisa hartutako konpromisoak ezagutaraztea eta, Elkargoaren eredua erabilita, erabiltzaileek konpromiso horiei buruzko iritzia konfidentzialtasunez eman ahal izatea.


Hasieran, Donostiako 18 farmazia komunitariok onartu dituzte, borondatez eta formalki, konpromiso horiek. Farmazia Lagunkoia irudia daramaten hainbat elementu diseinatu dira, herritarrek erraz identifika ditzaten farmazia horiek. Horretaz gain, hauek ere badituzte farmaziek: Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidenteak sinatutako ziurtagiria; jendeak ondo ikusteko moduko panela, zer zerbitzu profesional eskaintzen dituzten azaltzen duena; hartutako konpromisoei buruzko informazioa dakarten triptikoak; webgunea, erabiltzaileek farmaziari buruzko iritzia eta iradokizunak eman ditzaten, anonimoki; Lagunkoia ongietorri-alfonbra; eta aulki bat, farmazian eremu lagunkoia sortzeko.


Jardunbide egokien adierazleak
Berritzailea
Eragina
Jasangarritasuna
Erreplikagarritasuna