• Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau GAOn argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta irailaren 17an amaituko da.

  • Iaz, 13 enpresak garatu zituzten adinekoen autonomiari edo bizi-kalitateari lotutako proiektuak deialdi honen bitartez.

Diputatuen Kontseiluak laguntzak onartu ditu ‘Adinberri: zahartze aktibo eta osasungarriaren erronkak’ programarako, eta, horrela, Aldundiak 750.000 euro bideratuko ditu aurten helburu horretarako. Deialdiak bi dirulaguntza lerro ditu: lehenengoak, 500.000 euro ditu, eta helburu du zahartze aktibo eta osasungarriaren arloan aukera berriak sortuko dituzten ekimenak sustatzea Gipuzkoako enpresa sarean. Bigarrena berritzailea da, eta lerro horren bitartez 250.000 euro bideratuko dira prebentzioa eta pertsonen autonomia sustatzen dituzten proiektuetara, bai eta oinarri soziosanitarioa, komunitarioa eta enpresariala duten arreta eta zaintza eredu berrietara ere.

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez, lehenengo kasuan, produktu eta/edo zerbitzuen garapena sustatuko da honako eremu hauetan: alde batetik, adinekoen bizitzarako eta garapenerako onuragarriak diren ingurune eta espazioak, betiere autonomia, irisgarritasuna, konektibitatea, egitura adimendunak, inklusibitatea edo ahalduntzea ahalbidetzeko eta errazteko xedez. Bestetik, prebentzio, zaintza eta arreta ereduak, adinekoen bizi kalitatea eta langileen lan baldintzak hobetuko dituztenak, bai eta sistema sozio-komunitarioaren hurbiltasuna, lankidetza eta eraginkortasuna sustatuko dituztenak.

Besteak beste, honako adibide hauek aipa daitezke: etxebizitzaren berregituraketa edo eraldaketa, tele-errehabilitazioa eta errehabilitazioa etxean, farmakoen tratamenduaren automatizazioa eta digitalizazioa, zaintzaileen karga fisikoa eta lan karga murrizteko automatizazioa, estimulazio kognitiboa, egoitzetan eta etxean integratutako domotikaren garapena, oheen sentsorizazioa, elementu motorizatuak, bideozaintza eta beste laguntza tekniko batzuk zaintza eta arretarako, eta etxez etxeko zerbitzuen eta laguntzako zerbitzuen garapena (janariak, garbiketa, zaintzak, kudeaketak, etab.). Iaz, 13 enpresak garatu zituzten adinekoen autonomiari edo bizi-kalitateari lotutako proiektuak deialdi honen bitartez.

Bigarren lerroaren bitartez, berriz, ekosistema soziokomunitario bat sustatu nahi da, zahartze alorreko aukerei proaktiboki aurre egiteko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Kasu horretan, enpresez gain, hirugarren sektoreko entitateak eta ikastetxeak ere izan daitezke onuradun. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak honako hauek izango dira: zaintzen, bakardadearen eta beste arlo interesgarri batzuen arloko prebentzio eta arreta proiektuak ezartzea, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko baliagarriak izango direnak, hau da, komunitatearen lankidetza eta inplikazioa eta/edo komunitate sareen aktibazioa; digitalizazioaren bidez pertsonen eta/edo entitateen arteko harremanak indartzea; eta pertsonen autonomia handiagoa eta zahartze aktiboa lortzera bideratutako bizikidetzako eredu berriak eta hurbiltasuneko zerbitzu berriak bultzatzea.

Zehazki, jarduketa hauek aurreikusten ditu lerro horrek, besteak beste: bizikidetza eta lankidetzako dinamika komunitarioak sortzea, auzo-komunitateak dinamizatzea, teknologiak erabiltzea komunikaziorako, harremanetarako eta sare sozialetarako, belaunaldi arteko bizikidetza-ereduak eta etxebizitzak garatzea, sare solidarioa aprobetxatzea eta koordinatzea (farmaziak, merkatariak, auzo-komunitateak, etab.), adinekoen premiei erantzuten dieten finantza-zerbitzuen arreta sustatzea, eta bakardade egoerari aurrea hartzeko edo aurre egiteko trebetasunak eta harremanak garatzea.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau GAOn argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta irailaren 17an amaituko da. Informazioa eta eskaeraren inprimakiak eskuragarri egongo dira Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren web orrian: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia. Beste alderdi batzuen artean honako hauek balioetsiko dira: proiektuen kalitatea eta inpaktua, lankidetza izaera, eta Aldundia hedatzen ari den Adinberri estrategiarekin bat etortzea.

Larrañagak nabarmendu duenez, "Gipuzkoako bilakaera demografikoa eta zahartze aktibo eta osasungarriaren aldeko apustua aukeraz betetako etorkizuneko erronka da, bai arlo pertsonalean, bai sozialean eta baita ekonomikoan ere. Erronka horri aurre egiteko gure izaera komunitarioa eta solidarioa indartu behar dugu, eragin zuzena baitu pertsonen bizi-kalitatean, baina, halaber, egungo krisiaren aurrean ekonomia suspertzeko aukeratzat hartu behar dugu". Ildo horretan, 'Silver Economy' sistemaren esparruan Gipuzkoa "erreferentzia" gisa kokatzearen aldeko apustua egin du Aldundiak. "Gipuzkoan adinekoentzako konponbideak ekarriko dituen ekosistema bat garatzeko gaitasuna dugu, adinekoen eta zaintzaileen ongizaterako lagungarri izango dena, betiere enpresen gaitasun teknologikoak eta ezagutza, sistema sozio-sanitarioa, zentro teknologikoak eta ikerketa zentroak, eta gizarte zibil antolatua bateratuta. Eta, horrela, balioa, aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzen lagunduko da".

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter