Xabi Aizpurua Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko ordezkariak "Farmazia Lagunkoiak" ekimena zertan datzan azaldu digu. Euskadi Lagunkoia Sareari atxikitako udalerrietako ordezkariek parte hartu dute saioan, 15 pertsonak guztira.


Lagunsarea online programak beste saio bat egin du "Farmazia Lagunkoia" ekimena gertutik ezagutzeko. Xabi Aizpuru Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko kideak adierazi duenez, "Botiketan lagunkoitasuna sustatzea ezinbestekoa zen, bezeroekiko elkarrekintza sustatuz".

Azaldu duenez, Donostian egindako lehen fasean 15 lagunkoitasun irizpide garatu zituzten, tratuan, espazio fisikoan, zerbitzu farmazeutikoan eta arreta profesionalean eta komunikazioan oinarrituta. Emaitza onak lortu ziren, eta Matia Fundazioaren koordinazioarekin Euskadi osora zabaltzea pentsatu zen.


Irun, proiektu pilotua

Lehen proiektu pilotua Irunen egin zen, eta 15 lagunkoitasun irizpideak Euskadi lagunkoiaren lagunkoitasun-gidarekin batu ziren. Farmaziekin egindako bilerek oso datu interesgarriak eman zituzten, zer gai zeuden lantzeko eta hobetzeko detektatu ziren. Ikusi zen ezinbestekoa zela harreman zuzena izatea Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailarekin, Osakidetzarekin...

2019an, Irungo Udalaren eta farmazien arteko koordinazio zuzenagoa egitea erabaki zen. Palmera Montero zentroan bildu ziren inplikatutako agente guztiak: Irungo farmaziak, udalerriko Gizarte Zerbitzuen saileko arduradunak, Matia Fundazioko teknikariak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko ordezkaria. Horren ondorioz, komunikazio-protokolo bat egin zen.

Formakuntza-saioak

Farmaziek ikusi zuten pazienteek ez zituztela beren patologiak ezagutzen. Horregatik, formakuntza-saio batzuk jarri ziren abian udalerriko adinekoentzako dinamizazio-zentroetan, gai errazei buruzkoak, baina jendeari asko balio diotenak egunerokoan. Saioak farmazialari berek eskaini zituzten.

COVID-19ren erruz ezin izan dituzte aurreikusitako saio guztiak egin, baina egin zirenek oihartzun mediatiko handia izan zuten eta adinekoen aldetik jasotako erantzuna oso ona izan zen.


Hurrengo urratsak, 2020. urtea

2020an, ekimena Euskadi osora zabaltzeko urratsa eman zen. Horretarako, online azterketa bat egin zen, Euskadiko farmazien egoera ezagutzeko.

Hainbat motatako 38 farmaziari egin zitzaien galdetegia, biztanle-kopuruaren, hiriaren edo landa-eremuaren arabera... Emaitzak Irungo emaitzen antzekoak izan ziren: Osakidetzarekin eta udalerri bakoitzeko gizarte-zerbitzuekin komunikatzeko beharra.

Era berean, beharrezkoa ikusi zen irisgarriak izatea, bai barruan, bai kanpoan, baita ematen zuten arretan ere. Ezinbestekoa da adinekoei denbora eskaintzea, hurbiltasuna erakustea.

Farmaziek radar gisa ere jarduten dute: adinekoen egoeraren jarraipena egiten dute.


Ekimena ezartzeko ibilbidea

Udalerri bakoitzak Ibilbidea garatu behar du: lehenik eta behin, adinekoen gizarte-zentroetan tailer bat egin behar da talde sustatzailearekin, farmaziekin eta udalarekin; ondoren, udalerri bakoitzak aukeratuko du zer ekintza egin udalerrian, eta horren jarraipena egingo du.

Galderen txanda

Bileran parte hartu dutenek galdera ugari egin dituzte "Farmazia Lagunkoiak" ekimena nork bere udalerrian martxan nola jar daitekeen jakiteko.

 

 

 

 

 

 

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter